XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hasieran zimitzek traba egiten zioten, baina zomorroek Dannyren ahogozoa ezagutu zutenean, eta hozkekin ohitu Danny, bake-bakean moldatu ziren elkarrekin.

Isekako joko bati ekin zion.

Atzeman zuen zimitz bat, zanpa-zanpa egin zuen paretaren kontra, marraztu zion biribil bat inguruan eta Clough alkate deitu zion.

Gero beste batzuk atzeman zituen, eta Udaleko jendearen izenak jarri zizkien haiei.

Laster izan zuen horma oso bat zimitz zanpatuez apaindua, hiriko agintariren baten izena zuela bakoitzak.

Belarriak eta buztanak marraztu zizkien, eta sudur handiak eta biboteak jarri.

Tito Ralphi, kartzelariari, eskandalugarria iruditu zitzaion; baina ez zuen salakuntzarik aurkeztu, ez baitzituen Dannyk marrazki haietan sartu, ez epaitu zuen bake-epailea, ezta poliziakorik ere.

Begirune handia zion Dannyk legeari.

Gau batean, kartzela hutsik zegoela, bi botila ardo hartuta sartu zen Tito Ralph Dannyren gelan.

Ordubete geroago ardo gehiagoren bila atera zen, eta Danny berarekin joan zen.

Ez zen giro kartzelan.

Torrellirenean egon ziren, eta ardoa edaten aritu ziren, Torrellik kanpora bidali zituen arte.

Orduan Danny pinu artera joan zen eta lo seko geratu zen, eta bitartean Tito Ralph balantzaka itzuli zen kartzelara ihesaren berri ematera.

Eguerdi aldera eguzki distiratsuak esnatu zuenean, egun osoz ezkutatzea erabaki zuen Dannyk, persekuzioa saihestearren.

Korrika joan eta sasi artera sartu zen.

Kiriketan aritu zen makur-makur eginda, azeri ehizatu baten gisa.

Eta, iluntzean, arauak behar bezala bete ondoren, irten eta bere negozioetara abiatu zen.

Dannyren negozioak ez ziren batere bihurriak izaten.

Jatetxe baten atzeko atera joan zen.